I. Izatearen muinari begira (irailak 17)
Zer da espiritualtasuna deitzen dugun hori? Zer esan dezakegu izatearen muinaren bilaketaz? Nola ulertu eta kokatu ditzakegu “existentziaren galdera”, “espiritualtasuna” eta “erlijioa” terminoen adierak? Zein da erlijio-fenomenoaren funtsezko egitura? Ze abagunetan dago gaur egun espiritualtasunaren gaia mundu globalean? Nola kokatu tradizio espiritualen emaria egungo pluralismoan?
II. Zientzia eta espiritualtasuna (urriak 22)
Zein dira zientziaren eta espiritualtasunaren arteko osagarritasunak eta debateak? Errealitaterako ze akzeso-bide da metodo zientifikoa? Ze akzeso-bide landu izan dira espiritualtasunean? Ze ukipen eta ze muga aipa ditzakegu bien artean? Zientziaren metodologia bidez garatzen diren ze jakintza-ildok ematen dizkigute espiritualtasuna kokatzeko pista interesgarriak? Eta tradizio espiritualek ze pista ematen dizkigute zientziaren ahaleginak orientatzeko?
III. Gizarte aldaketen arrastoan (azaroak 19)
Erlijioa ziztuan pasa da monopolio kognitiboko egoeratik espazio sinboliko eta sozialaren ertzera. Inpaktu kultural handiko aldaketa soziologikoa izan da. Zeintzuk dira baldintza soziokultural berriak? Aro globalak eta azken hamarkadetako aldaketek zer nolako inpaktua izan dute espiritualtasunean eta berau bizitzeko moduetan? Zein forma, leku edo funtzio har litzake etorkizunean galdera existentzialak?
IV. Psikologiaren ekarpenak (abenduak 17 / urtarrilak 21)
Azken mendean jakintza psikologiko modernoak garapen handia izan du eta aurrerapauso handiak eman dira gizakiaren ulermenean. Bere aldetik, espiritualtasunaren ikuspegiak beti egon dira hor, beharbada gizakia gizaki denetik. Sarri lausoak dirudite bien arteko mugak. Eta azken urteotan badirudi bien artean gerturatzea ematen ari dela. Zeintzuk dira bien arteko loturak eta ezberdintasunak? Zein eratan integra daiteke ikuspegi psikologikoa espiritualtasunean eta ikuspegi espirituala psikologian?
V. Tradizio espiritualen uheran (otsailak 18 / martxoak 18 / apirilak 29)
Gizakia ez da izaki isolatua, kultur fluxu batean kokatzen den izaki soziala baizik. Zein dira gure espiritualtasunean konfiguratzen gaituzten korronteen ekarpenak? Zein dira korronte hauen egungo galderak eta norabideak? Nola formula ditzakegu mendebaldeko eta ekialdeko sentsibilitate espiritualen arteko aldea eta loturak? Ze oinarri planteatu liteke erlijioen arteko elkarrizketarako egoera plural batean? Hiru arlo aztertuko ditugu nagusiki: euskal sustrai piriniarrak; kristautasunaren oinarriak eta etorkizuna; eta budismoaren eta tradizio meditatiboaren (mindfulness) oinarriak.
VI. Barrukotasuna nola hezi gaurko gizartean (maiatzak 20)
Egungo gizartean espiritualtasuna eta, zabalago, berau garatzeak behar duen barrukotasuna lantzeko bideez galdetu nahi dugu azken atal honetan. Nola egin liteke barne-irekiduraren lanketa hori familian? Ze gogoeta egin dezakegu hezkuntza arautuan alor honek izan dezakeen tokiaz? Espiritualtasuna nola bizi liteke artean eta kultur sorkuntzan? Zer esan dezakegu espiritualtasunaren eta herrigintzarekiko konpromisoaren uztarketaz?